Etxebizitza kooperatiboari eta elkarlan publiko-komunitarioari buruzko erakusketa hartuko du Gipuzkoako EHAEOk
2026ko azaroaren 13
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Gipuzkoako egoitzak «Erabilera-lagapeneko etxebizitza eredutik harago: artikulazio publiko-komunitarioak Europako hainbat lurralde testuingurutan» izeneko erakusketa hartuko du, erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboen hainbat esperientziari buruzko ikerketa baten emaitzak jasotzen dituena. Irekiera ekitaldia datorren azaroaren 18an, asteazkenean, 18:00etan. Parte hartzea doakoa da, baina aurretik izena eman behar da.
Ikerketak komunitatearen eta sektore publikoaren arteko harremanak aztertzen ditu, erabilera-lagapenaren bidez etxebizitza desmerkantilizatzea helburu duten hainbat esperientziatan. Euskal Herrian, Katalunian eta Genevan garatutako egitasmoak alderatuz, antolaketa, sustapen eta erabakiak hartzeko modu desberdinak aztertu dira. Ikerketa azterketa kualitatibo konparatu batean oinarritzen da, eta 2026ko ekainetik urrira bitartean egindako elkarrizketa erdiegituratuak eta dokumentuen analisia ditu oinarri.
Erabilera-lagapena eredu itxi gisa ulertu beharrean, garatzen ari den prozesu gisa aztertzen du ikerketak
Arreta berezia jartzen du egitasmoak sustatzen dituzten eragileen artean erabakitzeko ahalmena nola banatzen den
Erakusketaren bidez, ikerketaren emaitzak herritarrengana hurbildu nahi dira, eta etxebizitzaren arloan administrazio publikoen eta komunitate-ekimenen arteko elkarlanerako aukerei buruzko hausnarketa sustatu.
Aurkezpena ikerketaren hiru egileek egingo dute:
Koldo Telleria Andueza, arkitekto doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakaslea eta Botoi Ikerketa Taldeko (BIT) ikertzailea. Hirigintza parte-hartzailearekin eta lurralde-eraldaketako prozesuekin lotutako ibilbidea du.
Rafael Grau Cardenas, arkitektoa eta Arteetan lizentziaduna, Botoi Ikerketa Taldeko (BIT) ikertzailea, EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoari lotua. Erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboaren ikerketan dihardu.
Mirene Begiristain Zubillaga, Ekonomian doktorea, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea eta GEZKI Zuzenbide Kooperatiboaren eta Gizarte Ekonomiaren Institutuko ikertzailea. Eraldaketa sozialeko eta komunitarioko prozesuetan espezializatua da.
Erakusketa abenduaren 4 arte egongo da ikusgai Gipuzkoako EHAEOren egoitzako ekitaldi aretoan honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.